Teknologia horiek hasiberriak dira, baina etorkizunerako potentzial handia dute, eta dagoeneko gure artean ditugun Gipuzkoako ikerketa eremuetan.
Zergatik teknologia kuantikoak?
Teknologia kuantikoak eskala mikroskopikoko propietateak aprobetxatzen saiatzen dira, eskala horretan ez baitute agintzen Newtonen legeek, baizik eta lege kuantikoek. Fenomeno horiek, zeinak eskala subatomikoan gertatzen diren, aukera emango dute gizartean eragin handia duten teknologia oso disruptiboak sortzeko.
Teknologia kuantikoek eragingo dute eremu askotan paradigmak aldatzea. Konputazio kuantikoari esker, orain arte konponezinak ziren arazoak konpondu ahalko dira, eta erraztu egingo da optimizazioa, adimen artifizialaren bilakaera edo datu kopuru handien erabilera.
Teknologia kuantikoek aukera emango dute aplikazio ugari sortzeko ia sektore guztietan: komunikazioak eta enkriptazioa, medikuntza, garraioa, industria… Etorkizuneko teknologia horietan aitzindari izateko edo atzean ez gelditzeko, inbertsio handiak egiten ari dira herrialde garatu guztietan; nazioarteko mugimendu bat dago horiek esploratzeko, ikertzeko, garatzeko, esperimentatzeko eta ustiatzeko. Euskadin ere teknologia horien aldeko apustua egin da. Hala, Euskadiko Berreskuratze eta Erresilientzia Programak (Euskadi Next) eta IKUR estrategiak teknologia kuantikoak sartu dituzte hautatutako arlo bakanen artean.
Teknologia horiek hasi berriak diren arren, Gipuzkoan zenbait zentrotako ikerketa taldeak ari dira haiekin lanean, hala nola Donostia International Physics Center, MPC, CIC NANOGUNE edo TECNUN, eta dagoeneko start-up bat sortu da, MULTIVERSE. Gipuzkoak teknologiak aplikaziora eraman ditzaketen enpresa multzo bat du, baita ekosistema on bat inguruan ere.
Zer egin da orain arte?
Ekosistema horretatik abiatuta, Gipuzkoa Quantum eraikitzeko lanari ekin zaio, hau da, Gipuzkoa Teknologia Kuantikoen Polo bihurtzeko. Beraz, ez da zentro fisiko bat, lurraldearen apustu bat baizik, non dauden gaitasunak biltzen diren eta polo hori eraikitzea ahalbidetuko duten beharrak detektatzen diren, baita hori lortzeko beharrezko baliabideak ere, betiere estrategia baten babespean.
Horretarako, Gipuzkoako Foru Aldundia lanean hasi zen oinarriak, konexioak eta estrategia bat ezartzeko. Hala, 2021eko irailean, jarduera protokolo bat sinatu zen Eusko Jaurlaritzarekin, Donostian Teknologia Kuantikoen Poloa sustatzeko. Protokolo hau Quantum Estrategiaren gobernantzaren eremuan lortu nahi denaren eredutzat hartzen da, hau da, lankidetza, elkarlana, Gipuzkoarako helburua Euskadirentzat ezarritako politikekin bat etor dadin lan egiteko. Gainera, eta Gipuzkoa Nexten laguntza lerroaren barruan, Teknologia Kuantikoen arloa hautatu eta ikerketa proiektuak sustatu ziren. Era berean, 2021ean zehar, teknologia kuantikoen esparruan estrategia bat definitzeko lan egin zen, Gipuzkoan Poloa eraikitzeko aurrera egin ahal izateko.
Zergatik Gipuzkoa?
Helburu nagusia Gipuzkoa Teknologia Kuantikoen Polo bihurtzea da, eta horrek berekin dakar ezagutza aurreratua sortzeko premiarekin lotutako erronkei aurre egitea, aurrerapen zientifikorako eta kasu errealetan aplikatzeko aukera ematen duten azpiegiturak izatea, ezagutza horiek sortzeko eta aplikatzeko gai diren pertsonak izatea, eta horiek errentagarri egingo dituzten negozio berriak sortzea; eta hori guztia lurralde txiki batean, baliabide mugatuekin eta teknologia hasiberrietan. Erronka zailak dira. Hala ere, ez gara hutsetik abiatzen, badaukagu funtzionatzen duen ekosistema bat, ikerketa taldeak daude, enpresa dinamiko eta berritzaileak daude, ekintzailetzari laguntzeko sistema finkatu bat dago, eta erronkei aurre egiteko borondatea eta tresnak daude. Erronka zailak dira, baina gainditu daitezke.
Zein da estrategia eta hurrengo urratsak?
Estrategiak 4 ardatzeko jarduerak proposatzen ditu:
Hortik abiatuta, ekintza plan bat jarriko da abian, industria proiektuak garatzeko, talentua sortzeko eta erakartzeko, negozio berriak sortzeko, finantzaketa bilatzeko, eta ekosistema sortzeko.
Teknologia horien ikerketa bultzatuz hasi da bidea, eta 2022an beste urrats bat egin nahi da ildo horretan, enpresetan teknologia kuantikoak sartzea sustatuz. Honaino iritsita, beharrezkoa da estrategian proposatutako ekintzak garatzen jarraitzea, azkar eboluzionatzen ari den gai batean nazioartean gertatzen ari diren mugimenduak antzematea, arlo honetan esanguratsutzat jotzen diren nodoak konektatzea, eta sortzen diren finantzaketa tresnak aprobetxatzea. Azken batean, aurrera egin nahi da Gipuzkoako Teknologia Kuantikoen Poloa errealitate bihurtzeko.