Proiektua beharrezkotzat jotzen da garrantzi handikoa delako Gipuzkoako garapen ekonomiko eta sozialarentzat behar den biztanleria aktibo eta dinamikoa mantentzea
Zer lortu nahi dugu?
Proiektu esperimental honek Gipuzkoako negu demografikoa du abiapuntu, hau da, biztanleriaren beherakadak eta eskualdeko hazkunde demografiko faltak eragin duten egoera. Testuinguru horrek ondorio negatiboak ekar ditzake zenbait alorretan, besteak beste, biztanleria zahartzea, lan indarra gutxitzea eta tokiko ekonomia ahultzea.
Proiektu hori berrikuntza ez teknologikoa sustatzeko erronkaren barruan kokatzen da, gizarte, antolaketa, ekonomia… esparruetan. Berrikuntza horrek era guztietako beharrak -gizarte arlokoak, ekonomiakoak, eta bestelakoak- asetzeko modu berriak probatuko eta aztertuko ditu. Horretarako, egungo gizartearen erronkei erantzuteko beharrezko aldaketak sustatuko ditu, harreman zein elkarlan modu berriak sortuta, esaterako.
Proiektuaren helburua da Txiletik Gipuzkoara talentua erakartzea, negu demografikoa arintzeko estrategia gisa. Lan indar gazte eta talentuduna duen herrialdea da Txile, eta aukera hobeen bila Gipuzkoara etortzeko prest egon daitezkeen familiak eta profesionalak erakar ditzake.
Proiektua beharrezkotzat jotzen da garrantzi handikoa delako Gipuzkoako garapen ekonomiko eta sozialarentzat behar den biztanleria aktibo eta dinamikoa mantentzea. Txileko talentua erakartzea baliagarria izan daiteke lan arrakalak ixteko, berrikuntza eta ekintzailetza sustatzeko, eta funtsezko sektoreak biziberritzeko, besteak beste, industria, teknologia eta zerbitzuak.
Proiektuaren atzean dagoen motibazioa da Txileko profesionalen gaitasuna eta talentua, eta atzerriko aukerak bilatzeko duten prestutasuna baliatzea. Talentu hori Gipuzkoara erakarrita, dibertsitatea, kultur trukea eta elkar aberastea sustatu nahi dira. Horrez gain, garapen profesional eta pertsonalerako ingurune egokia eskainita, espero da profesional horiek zein beren familiak eskualdean kokatzea eta eskualdeko hazkunde jasangarriari laguntzea.
Beharrezkoa da azterketa zehatzagoa egitea eta alderdi interesdunek parte hartzea, lurraldeko enpresak, hezkuntza zentroak, enpresa elkarteak, etab. kasu.
Nola lortuko dugu?
Jarduera nagusiak honako hauek izan dira:
1. ekintza – Proiektuan parte hartuko duten Gipuzkoako enpresen analisia eta haiek erakartzea.
2. ekintza – Txileko talentua erakarri eta iragaztea.
3. ekintza – Espezializazioko eta kultura integrazioko prestakuntza-programa teknikoa diseinatzea.
4. ekintza – Legezko aholkularitza. Atzerritartasuneko dokumentuak eta izapide administratiboak berrikustea.
5. ekintza – Jarraipena eta laguntza Txileko taldeari. Coach-Mentoretza.
6. ekintza – Proiektua zabaltzeko kanpaina.
Zer ekar diezaguke?
Proiektu honen ekarpenen artean, honako hauek nabarmentzen dira:
- Tokiko zein nazioarteko lan merkatua ulertzea, bai eta joerak, erronkak eta talentua erakartzeko aukerak ere. Bisatu baldintzak, immigrazio politikak, kultura ezberdintasunak eta lan espektatibak ezagutzea.
- Nazioarteko lankidetza eta elkarlanak, nazioarteko ikuspegia indartzeko. Elkarlan horiek nazioarteko talentu sareetarako sarbidea erraztu diezagukete.
- Jendea bildu eta hautatzeko prozesuak pertsonalizatzea eta egokitzea, prestakuntza programak pertsonen arabera moldatzea eta Txileko hautagaien kultur beharrak eta itxaropenak kontuan hartzea.
2023
- Zubigune Fundazioa
- CIFP Usurbil LHII
- ADEGI