Atzealdea Gob(hern)atzen

Gobernantza edo arkitektura politiko berri bat eraikitzea lurraldearekin hartu emanean.

Gobernantza
Herritarren Proiektuak
Amaituta
Gob(hern)atzen

Zer lortu nahi dugu?

Proiektuak Hernanin gobernantza ekosistema berritu bati bide eman nahi dio. Hernanin herrigintza eta udalgintzan urteetako esperientzia metatua dago. Dialektika horrek abiapuntu sendoa eskaintzen du. Bestetik, Covid19-ak ekarritako egoerak genekiena berretsi du: parte-hartze demokratikorako aukera ezin dela sozioekonomiatik banandu. Gure bizitzaren sostengurako oinarrizko diren eremuetan kontrolik ez dugun bitartean (energia, elikadura, zaintza edota telekomunikazioak kasu), nekez izango dugu demokrazian sakontzerik. Parte-hartze prozesuetan harturiko erabakiak galdu egiten dira askotan, egikaritzeko herritar botererik ez dugulako. Merkatuaren logika demokraziaren sakontzearekin ez da ondo moldatzen. Honela, proiektuan Hernanin demokrazia eta burujabetza ekonomikorako bidea artikulatzen ahalegina egingo da gobernantza ekosistema berri batean.

 

Nola lortuko dugu?

Gobernantza edo arkitektura politiko berri hau, lurraldearekin hartu emanean eraikitzea da erronka. Lurraldea diogunean 4 agente multzoren arteko hartu emanez ari gara: Tokiko Gobernua -udaletxea-, jendartea -antolaturiko elkartegintza bereziki-, ekonomikoa -lurraldearekiko atxikimendua duen enpresa sarea bereziki- eta formazio zentroak. Harreman horietan dago jakintza, daude planteamenduak eta dago demokrazian sakontzeko behar den auto-gobernurako potentzia. Konplexua izanagatik ere, herritarren hitza oinarri izan beharko duen lankidetza horretan dago aukera. Hori ahalbidetzeko entzute faseak, parte hartze eremuak, berregituraketak, espazio berrien sorrera, arautze eta estrategia komunak osatu nahiko dira. Lurraldean dagoen borondate aurrerazalea arkitektura politiko eraginkor batean engaiatzea bilatuz.

 

Zer ekar diezaguke?

Zinez uste dugu ongizatea eta demokrazia sakonki lotuak direla. Lurralde erabakimen gaitasuna handitzearekin ongizaterako aukerak handitzen direla, eta alderantziz, ongizate kuota minimoak beharrezkoak direla demokrazia sakon, kritiko eta deliberatibo baterako. Bizi dugun testuinguru ezegonkor honetan, ongizatea eta herri erabakimen gaitasuna arriskuan egon daitezke. Kontrara, aldaketa sakonak egitera behartuak gauden garai hauetan aukera leihoak ere badira. Hernanin lekutuko den esperientzia honek, bere berezitasunekin, tokiko gobernu eta lurraldeak garaiko erronka hauei, klabe aurrerazaleetan erantzuteko gaitasuna badutela baieztatuko du. Honekin, beste herri batzuetarako baliagarria den esperientzia bat ere utzi nahiko delarik.

 

Zer lortu dugu?

Sakontze demokratikoa eta burujabetzak uztartzen dituen lurralde prozesua da Hernani Burujabe, beraz lorpenak bi eremu horietan ikuskatzea egokia izan daiteke.

Egunerokoan burujabeago izateko erronkan pauso garrantzitsuak ematea lortu da. Energian ENHERKOM kooperatibak bere oinarria zabaldu du, lehen auto-kontsumo partekaturako instalazioak ipintzen ari da, pobrezia energetikoari aurre egiteko proiektuak zehazten ari da eta Udalarekin batera Hernaniko Energia Bulegoa jarri du martxan. Elikaduran HENASE-n dauden ekoizleen eta Herri-Lur kontsumo taldearen harremana egonkortu da, lur berrien bila ari da udala (tokitik tokira ekoizten jartzeko) eta transformazio aukerak emango dituen proiektuetan aurrerapausoak eman dira. Auzo zaintza egitasmoak bakardade ez hautatuan dauden adinekoekin sarea egiten jarraitzen du. Maite Lan-ekin elkar-lanean eta zaintza komunitario eredu berri bat prefiguratzen jarraitzen dute. Goxotasunez eta egunero eraldaketa handi baterako lurra jorratzen ari dira auzoz auzo. Tokiko moneta ere martxan jarri da, EkhiLur kooperatibarekin elkar-lanean. Honezkero 83 komertziotik gora dira bazkide baita 600 erabiltzaile inguru eta 3 elkarte ere. Poliki, aberastasuna tokira errotzeko tresna izateko gaitasuna garatzen ari da txanpona, ondoren etorriko da metabolismo ekonomikoan sakonago eragiteko gaitasunaren garapena. Telekomunikazio burujabetzan sarbide urria duten landako biztanleei zerbitzu duina ematetik hasi da EHKom-ekin elkar-lanean. Oinarrizko eginkizun honen osteko zereginak ere argitzen ari dira. Etxebizitzan, bioaniztasunean, kulturan eta lanean bada aktibitatea baina oraindik goiz da etorriko direnak argitzeko.

Gobernuari dagokionez azpimarratu behar da aipaturiko dena mahai sektorialen bueltan diseinatu eta ari dela martxan jartzen. Aipatu mahaietan burujabetza sektoreko lurralde agenteak biltzen dira: Udal ordezkariak (tekniko eta politikoak) eta sektorean sorturiko herri proiektua (izan honek elkarte forma, kooperatiba forma edo erakundetzerik ez). Hor egiten dira diagnostikoak, definitu plan sektorialak eta identifikatu sinergia publiko-herritarrerako abaguneak burujabetzetan aurrera egiteko. Egun elikadura, energia, zaintza, moneta, etxebizitza, telekomunikazio, mahaiak egonkortuak eta martxan daude eta berri batzuk sortzeko baldintzak ari dira lantzen.

Prozesuaren heltze puntuak erronka berri bat jarri du mahai gainean. Hernani Burujabe, maila estrategikoan (epe ertaina kudeatzen duena), modu publiko-herritar-kooperatibo batean gobernatzeko erronka. Honi begira prozesu berri bat jarri da martxan, zeinak bilatuko duen adostasunak eraikitzea, udal ordezkariak, herritarrak eta ekimen ekonomikoetako ordezkariak marko integratu batean biltzeko. Zertarako? Hernani Burujaberen planifikazio demokratikoan aurrera-jauzi bat eman ahal izateko. Ireki berri den bide honek emango duena ikusteko dago oraindik.

Amaitzeko, azpimarratu behar da hau dena Hernaniko udalerrian egiten ari den ertz askoko prozesua dela eta inondik inora Hiritik At-en lorpen edo proiektua. Gure ekarpen xumea, aholkularitza estrategikoan kokatu da: epe luzea planifikatzen laguntzen, sektorez sektore jarraipenean laguntzen, gobernu ekosistemari forma ematen eta bide-laguntza tekniko zein emozionala ematen aritu gara. Momentu honetan bertan, Hernanin burujabe izateko bidea egiten ari diren beste askoren artean bat gehiago.

Deialdia

2021

Parte-hartzaileak
  • Hernaniko Udala
  • Hiritik At Koop. Elk. Txikia
  • Bira Produkzioak
  • 373 abokatuak

 

Lotutako edukia

Dokumentuak

Lotutako bideoak

Hernani burujabe (dokumentala)