Berrikuntza plataforma irekiaren helburua da gizarte erronkei lankidetza publiko eta pribatu komunitarioaren bitartez erantzutea.
Zer lortu nahi dugu?
Proiektu honen helburua Berrikuntza Plataforma Irekia sortzea izango da. Berrikuntza plataforma irekiaren helburua gizarte erronkei lankidetza publiko eta pribatu-komunitarioaren bitartez erantzutea da. Izan ere, egungo erronka konplexuei zailki erantzun ahal izango zaie administrazio publikotik soilik. Proiektu honen helburua konexio eta loturak sortzea da, modu sistemikoan lanketa egitea.
Nola lortuko dugu?
Goierriko eskualdeko udal, gizarte eragile eta enpresekin burutzen ari den prozesuaren bitartez. Eskualde eskalan egon ahal diren eta erantzun behar zaien erronkak identifikatuta, ko-sorkuntza guneak bultzatu eta berritzaileak izango diren ekimenak sortzea da helburua, aipatu den eragile multzoarekin. Zentzu honetan prozesuak garrantzi berezia hartzen du, eta baita prozesuaren zaintzak ere.
Zer ekar diezaguke?
Gizarte erronka konplexuei erantzuteko lankidetzazko esperimentazio eta praktika berriak. Praktika hauek ebaluatu, bertatik ondorioak atera, eta era berean beste praktika berri batzuk sortzeko aukerak eman ditzake.
Zer lortu dugu?
Lortutakoen artean badira tangibleak diren lorpenak, eta badira ere tangibleak ez direnak, biak ala biak oso beharrezkoak. Tangibleen artean, egungo erronkei lankidetza publiko eta pribatu-komunitarioaren bitartez erantzuteko gobernantza ereduaren diseinua agertzen da nagusiki. Prozesu luze eta zaindu baten ondoren, Goierriko eskualdeko udalak egitura baten erabakimen geruzak eta parte-hartzaileak definitzera iritsi ahal izan dira. Proposamen hori orain bestelako eragile ezberdinekin partekatzen ari da, haien ekarpenak jaso eta gobernantza eredu definitiboa irudikatzeko. Era berean, eskualdeko eragile publiko, pribatu eta komunitarioen artean hiru erronka definitu dira elkarlanean lantzen hasteko: energia, landa garapena eta zaintza. Une honetan, energia erronkari erantzuten dion ko-sorkuntza gunea martxan jarri da, eta etorkizunean beste erronkei erantzungo dieten guneak jarriko dira martxan.
Tangible ez diren lorpenetan, bereziki lankidetzarako mentalitate logika bat txertatzen hasia dela esan genezake. Prozesu gisa irudikatzen da proiektu hau, bukaerarik ez duena, lan eta mentalitate ereduetan aldaketak ekarriko dituena. Aldaketa horiek dagoeneko hasi dira gertatzen.
2021
- Goierriko Garapen Agentzia
- Agirre Lehendakari Center