Euskozenoa euskal nortasunaren inguruko hausnarketan eta arakatzean lanean dabilen proiektua da

Zer lortu nahi dugu?
Gure nortasuna aldatu egin da, izaera bakar eta homogenikotik, askotarikoa den identitate nahasketa baten erdian gaude. Horrek nortasun komunitarioarekin, ondarearekin eta kulturarekin/hizkuntzarekin ditugun harremana konplexuago egiten du, erronka berriak planteatzen: zer da euskalduna izatea? nolakoak dira gaur egungo euskaldunak? zein da euskalduntasunaren irudi kolektiboa?
Euskozenoak hausnarketa horri ekin dio azken urteotan, DOT Koop-en lidergotzaz eta hainbat agente eta eragilerekin elkarlanean, kolektibo ezberdinekin saioak/prozesuak egin ditugu gerora hausnarketa horiek modu ezberdinetan gorpuzteko.
Nola lortuko dugu?
Orain arte euskal nortasunaren inguruan hausnarketa eta sormen gune ezberdinak sortu ditu:
- Euskozenoaren jaiotza: Hiritar talde heterogeneo bat hartu genuen Euskozenoaren lehen hazia landatzeko. Bertatik “euskaldun” hitzaren beraren definizioaren inguruan hausnartu genuen eta “Manifestu” bat sortu → Nortzuk gara/dira euskaldunak? Badago “euskaldun egiteko modurik”? Non daude gure zamak edo korapiloak? Non daude aukerak? Nortzuk dira zentroa, nortzuk periferia?
- Diaspora x Javi Rivero: Diasporan bizi diren euskaldun gazteekin izan genuen hausnarketa gune bat. Atzerrian euskaldun izatea nola bizi zuten, ze elementu partekatzen zituzten eta zer nolako harremana mantentzen zuten etxeko kulturarekin. Hausnarketa horien bateratzea Javi Riverok egin zuen eta mahai inguru bat sortu zuen.
- Etorritakoak x SOS Arrazakeria x Dejabu Antzerki konpainia: Euskal Herrira migratu duten pertsonekin elkarteratze bat egin genuen Badalab, hizkuntza laborategiaren eskutik, beraien inklusioa eta nortasun anizkoitza nola esperimentatzen zuten lehendabiziko pertsonan ulertzeko. Hausnarketaren gorpuztea Dejabu antzerki konpainiak landu du, laster ikusgai.
- Arantzazu: Arantzazuko ondarea gaur egungo ikuspuntutik ikertu nahi izan dugu. Arantzazu beti izan da euskal kulturan mugarri garrantzitsu bat. Arantzazun bizi diren lau fraide elkartu ditugu beste lau euskal gazterekin batera euskararen etorkizunaz eta euskal nortasunaz hitz egiteko. Lau bideo egin dira, Hiru Damatxoren eskutik, gazte bakoitzaren ikuspuntutik eginak, Arantzazuren kontaketa beraien begietatik josia eta bukaeran bakoitzak fraideei galdera bat egiten die. Bosgarren bideo batean fraideen erantzuna jasotzen da era bateratuan.
- + Komunikazioa (transbertsala): Gure sare sozialetan eta webgunean artefaktu bakoitzetik sortutako hausnarketak gizarteratu ditugu. Horren parte, egunerokoan sortzen diren errealitate berriekin bat etorriz, hizkuntzaren bilakaera islatu nahi duen bilduma berria sortzen ari gara → 5. HITZAK.
Zer ekar diezaguke?
Orain arteko bideari zukua atera diogu eta esan beharra dugu jasotako erantzunetatik azpimarratuena hurrengoa dela:
Berebiziko garrantzia du gure nortasunaren imajinario berriak islatzea, euskaldun izateko modu berriak behar ditugu etorkizunean bizirauteko.
Gure web orriaren esteka: https://euskozenoa.eus
Gure sare sozialen esteka: @euskozenoa - https://www.instagram.com/euskozenoa
2022
- SOS Arrazakeria
- Impact Hub Donostia-San Sebastián, S.COOP.
- Arantzazulab
- Dot Koop Elk. Tx.
- Kontaidazu Komunikazioa
- Badalab
- EITB