Atzealdea Errenteria zaintzen

Errenterian konfinamendu garaian sortutako zaintza sare komunitarioa sendotu, egonkortu eta udal dinamikaren baitan txertatzea izango da proiektuaren helburu nagusia.

Zahartzea
Kohesio Soziala
Osasuna
Gazteria
Elkartasuna
Herritarren Proiektuak
Amaituta
Errenteria zaintzen

Zer lortu nahi dugu?

Errenterian konfinamendu garaian sortutako Zaintza Sare komunitarioa sendotu, egonkortu eta udal dinamikaren baitan txertatzea izango da proiektuaren helburu nagusia. Gobernantza demokratikoago eta parte hartzaileago bat planteatuz, agente eta esfera guztien arteko lankidetza handituz, udalgintza berritzaile baterantz.

 

Nola lortuko dugu?

Errenteriako Udalarekin batera egingo dugu bide hau eta noski, herriko eragile, erakunde eta norbanakoen parte hartzearekin. Bereziki, indarkeria matxistaren biktimen, zaurgarriak diren ikasleen eta bakardadean diren adineko pertsonen beharrei erantzun nahi die Zaintza Sare Komunitarioak eta beraz, kolektibo horien ondoan diren agenteak izango ditugu bidelagun, hala nola ikastetxe eta irakasleak, guraso elkarteak, mugimendu feminista edo adineko herritarren elkarteak.

 

Zer ekar diezaguke?

Gobernantza kolaboratzaile eta parte hartze eredu berritzaile bateranzko bidea da ibili nahi duguna. Elkar zaintza izango dugu abiapuntu eta herrian, orokorrean eta udalaren barruan konkretuki, aurrerantzean inplementatu beharreko zaintza eredu publiko komunitarioaren diseinuan ekarpena egingo da.

 

Zer lortu dugu?

Prozesuan zehar Errenteriako herriko zaintza sarea identifikatu eta haren egoera, behar, premiak eta aldarrikapenak ezagutu ditugu. Batetik, 2021eko azken hiru hilabeteetan Gizarte Zerbitzuen alorrean zein Berdintasunaren arloan daude eragile esanguratsuak elkarrizketatuz egindako diagnostikoan eta bestetik, Errenterian eta zaintzaren alorrarekin harremana duten eragileen mapeoa eginez.

Errenteria Zaintzen Liburuxkarekin aldiz, zaintzaren ahalegin kolektiboan ekarpena egiten duten Errenteriako elkarte eta programa guztiak jasotzeko ahalegina egin dugu. Udal baliabide eta zerbitzuetatik hasi eta herri mailako zein auzo mailako elkartegintzak eskaintzen dituzten aukeretaraino. Bertan, programa eta elkarteen izenak, euren deskribapenak eta kontaktuak daude eskura.

Mapeoan, Udal baliabide eta programak biltzeaz gain, herri mailako zaintza eragileak, eragile feministak, kultur aniztasun eta migrazio elkarteak, haur eta gazteei zuzendutako elkarteak, guraso elkarteak daude, bai eta auzo mailako jubilatuen elkarte, auzoetako emakume taldeak eta auzo elkarteak. Guztira 80 eragile baino gehiago.

Egiten den guztia ezagutzera eman eta aitortzea du helburu mapeoak. Elkar ezagutzea eta saretzea, etorkizunean garatu ahalko den zaintza sareari ekarpena eginez.

Errenteriako zaintzaren erradiografia egiteaz gain, 2023. urtean Beraun auzoan Aldakoenea kaleko haur-eskola zaharra auzo-etxe bihurtzearekin batera, auzoan garatu daitekeen zaintza planaren diseinua egin dugu. Planteamendu hau egiteko Bartzelonako Radars proiektua gertutik ezagutu eta eurekin bilerak egin ditugu, bai eta Euskal Herriko beste zenbait herritan martxan jarritako bestelako planteamenduak (Arrasateko Begira Adia, esate baterako) gertutik ezagutu.

Beraun Gertu estrategiak auzoko zaintza premiak identifikatu eta asetzeko metodologia izan nahi du. Hura garatzeko aukera ezberdinak planteatzen ditu; zehazki hiru fase edo aukera aurkezten ditu. Mahai gainean jartzen diren fase hauek osagarriak dira, eta beraz, banaka eta modu isolatuan jarri daitezke martxan, hirurak batera, edo bata bestearen atzetik, jarri nahi den inplikazio eta errekurtso maila ezberdinen arabera.

Lehen faseak, herritarron, dendari eta auzo eragileen inplikazioa lortzea bilatzen du; bigarrenak, zaurgarritasun egoeran dauden pertsonei deiak egitea eta erlazioak sortzea planteatzen du; azkenik, hirugarren faseak inplikatutako herritar, dendari eta auzo eragileen arteko lanketa sare bat elikatzea bilatzen du.

Estrategiaren garapena bi modutan aurreikusten dugu metodologian bertan; errekurtso publiko edo propioekin, edota azpikontratazioen bidez. Horiek horrela, Beraun Gertu garatzeak suposatzen duen estimazio ekonomiko bat egiten saiatu gara ere, prototipo zehatz gisa.

Deialdia

2021

Parte-hartzaileak
  • Errenteriako Udala
  • Hiritik At Koop. Elk. Txikia
  • Parean Berdintasunerako Elkartea

 

Lotutako edukia

Dokumentuak