Berrikuntza politikoa esploratzen: Lasarte-Orian parte hartzearen kultura biziberritzeko ikaskuntzak
Lasarte-Oria da gure ikerketaren sujetua, soziologikoki, demografikoki eta ekonomikoki Gipuzkoako testuinguruan bizi den parte-hartzearen egoera aztertzeko eta ikasketekin eskalatzea egin ahal izateko
Zer lortu nahi dugu?
Gurean lankidetzako esperientziak ugariak eta emankorrak izan dira. Batzuk auzo eskalakoak eta beste hainbat logika lokala gainditu dutenak. Euskalgintzan, tokiko merkataritzan, elkarbizitzan, zaintzan edo kulturgintzan, besteak beste, eskarmentua duten eragile askok erantzukizunaren eta konpromisoaren kulturari heldu izan diete herrian. Hala ere, kultura hori higatzen ari delakoaren ideia zabaltzen ari da eta ziurgabetasuna nagusi da lankidetzaren etorkizuna irudikatzerakoan. Baina diagnostiko egokia egiten ari ote gara?
Egitasmo honek “parte-hartze eza” ulertu nahi du, ezen hori gabe nekez bideratuko baitira parte hartzea sustatzeko ekimen arrakastatsuak. Alde horretatik, egitasmoak gazteen ikuspegiak ulertu eta interpretatu, eta belaunaldi ezberdinetako pertsona eta erakundeen arteko elkarrizketa bideratu eta sustatu nahi du, elkarrengandik asko ikasteko dugula iritzita. Zentzu berean, proiektuak oso kontuan hartuko ditu parte-hartzaileen ezaugarri sozio-demografikoak, eta oso bereziki generoari, estratu sozialari eta jatorriari lotuen daudenak. Helburu orokorra praktika onak transmititu, ulertu eta berritzea da, gazteen arrazoiak ulertu eta pertsona nahiz erakundeen erreflexio kognitibo, moral eta afektibo-emozionaleko gaitasuna handitzearen bidetik, gurean parte hartzeko kultura ostera ere biziberritu dadin.
Helburu hori lortzeko faktore soziologikoei erreparatuz interesa duen kasu batean bizi den egoera sakontasunez ulertzeko ikerketa martxan jarri dugu. Zehazki, Lasarte-Oria da gure ikerketaren sujetua, soziologikoki, demografikoki eta ekonomikoki Gipuzkoako testuinguruan bizi den parte-hartzearen egoera aztertzeko —eta, ebentualki, ondorioak ezagutzerakoan ikasketekin eskalatzea egin ahal izateko— aukera aproposa dela ondorioztatu dugulako. Partaidetza ekosistema bizia duen herria da, baina mundu mailan, eta Gipuzkoan, eman diren parte-hartzearen beherakadaren faktoreak biltzen dituen kasua ere bada.
Nola lortuko dugu?
Gure proiektua hausnarketa teoriko batekin hasten da, parte-hartzearen inguruan azalpen argiak eman dituzten teoria esplikatiboen identifikazio ariketarekin. Hala ere, ekimenak bere zentzu eta dimentsio osoa landa-lana hasterakoan izango ditu.
Dugun helburua ikusita, proposatzen dugun ekimenak herriko elkarte eta erakundeen parte-hartzearen beharra du, baina baita gazteen ahotsa entzutea ere. Lehen fasean herriko eragileekin saioak izango ditugu, alor bakoitzean esanguratsuak diren kezkak, beharrak eta esperientziak ezagutu eta prozesuan zer aurkitu nahiko luketen jakiteko. Hortik abiatuta parte-hartzearen kulturaren inguruko deliberazioa eta hausnarketa bideratuko genuke, lanketa saio sektorialetan. Zortzi alor nagusi definitu ditugu herrian aurkitzen ditugun ekimen nagusiak kontuan hartuta, nahiz eta kopuru hori handitu egin daitekeen proiektuak aurrera egin ahala: euskara, kultura, bizikidetza, kirola, aktibismoa, zaintza, merkataritza, politikagintza.
Bigarren fasean, parte-hartzearen eta demokraziaren arloko egungo joerak bilduko dituen galdetegi espezializatu bat egingo da, literaturan oinarritutako gure hipotesiak probatzeko gai izango dena. Inkesta hori bi populazio-lagini egingo zaie. Lehenengoa, elkarte-bizitzan eta herriko gizarte-partaidetzan ibilbidea duten ehun pertsona baino gehiagoren ad hoc lagina da. Bigarrena Lasarte-Oriako biztanleria osoaren lagin adierazgarria da. Ikerketa fase honen emaitzak kontraste garrantzitsua eskainiko digu, parte-hartzen dutenen eta herritar arrunten arteko pertzepzioen artean. Azkeneko fasean gazteen iritziak ezagutzea izango dugu helburu, eztabaida taldeen bitartez. Metodologia kualitatibo honetan aurreko faseetan lortutako irakaspenak baliatuko ditugu erronka honi buruz ikuspegi guztiak bildu ahal izateko. Horrela, gazteen, elkarteen eta erakundeen ikuspegien arteko kontraste eta dialogoari espazioa emango diogu, gure partaidetzaren kultura biziberritzeko beharrezkoa ikusten dugun entzute dinamika eraikiz.
Zer ekar diezaguke?
Lankidetzaren ondorioz eman diren praktika onetatik ikastea da helburu nagusia eta jakintza horretatik gazte, elkarte eta erakundeen ekintzak inspiratu. Deskonexioa, bakardadea eta komunitatearen ahultzea babesgabetasuna, interesa falta eta parte-hartzearen beherakada eragin dezakete, horregatik fenomeno honen arrazoiak sakonki ulertzeko lehen saiakera bat da proiektu hau. Esplorazio honek, identifikatutako joera eta errealitateekin, inguruko herri eta hirietan duen zentzua aztertuko da. Etorkizunari begira Gipuzkoan antzeko egoera bizi duten hainbat auzo eta hirietan hemen lortutakoak transmititu eta eskalatzeko aukera irekita utzi nahiko genuke. Gertuko demokrazia sendotu, komunitatean dauden harremanak zaindu eta etorkizuneko lankidetzazko udal gobernantzan urratsak emateko.
2023
- HUHEZI, S.C.L.
- Oreki Fundazioa
- Ganbo Iturri Kultur Elkartea