TikTok-en euskararen lekua handitzea eta gazteei euskararekin jolas daitekeela erakustea ekar dezake proiektu honek
Zer lortu nahi dugu?
Gazteek sare sozialetan (eta zehazki TikTok-en) euskaraz eta euskararekin jolasteko bideak sustatzea eta hori ikertzea. Asmoa da ahal bezainbat gaztek zirto bidezko elkarrizketak dituzten bideo laburrak sortzea eta sareratzea. Ekintza horren prozesua eta ekintzak emango duena ikertuko dugu, ondoren.
Nola lortuko dugu?
Bideoak egitera animatzeko kanpaina bat antolatuko dugu Bertsozale Elkartearekin eta Hiru Damatxo komunikazio enpresarekin. Bertso eskoletako eta ikastetxeetako bertso irakasleen bidez helduko gara 28.000 umetara, eta Bertsozale Elkartearen eta Hiru Damatxo-ren bidez, bertso munduarekin harremana duten bertso ikasle horiengana eta edozein bertsozalerengana. Bideo eredu batzuk sortuko dira parte-hartzaileak antzekoak egitera animatu daitezen. Kanpainak #ZirTok izena izango du eta bideoak traola horrekin sortuko dira. Sariak banatuko dira parte-hartzaileen artean. Kanpainaren emaitzei buruz ikertuko da eduki azterketaren eta behaketaren bidez eta parte-hartzaileei eta sustatzaileei egindako elkarrizketen bidez.
Zer ekar diezaguke?
TikTok-en euskararen lekua handitzea eta gazteei euskararekin jolas daitekeela erakustea ekar dezake proiektu honek. Jende askok parte hartuz gero, nolabaiteko oihartzuna lor liteke, eta hurrengo urteetan ere errepika liteke. Halaber, komunikazio bide berri horiek ahozko literatura eta ahozkotasuna lantzeko tresna gisa erabiltzeko bideak esploratuz, bertso irakaskuntzari ekarpen bat egingo lioke. Ikerketa ikuspegitik, TikTok ahozko literaturaren eta komunikazioaren irakaskuntzan erabiltzeak ematen dituen aukerak zein diren aztertuko litzateke.
2022
- HUHEZI, S.C.L.