Egitasmo honekin tokiko eskalan arrakastatsuak izaten ari diren “Lurralde Proiektuak” gertutik ezagutuko ditugu
Zer lortu nahi dugu?
Egitasmo honekin tokiko eskalan arrakastatsuak izaten ari diren “Lurralde Proiektuak” gertutik ezagutuko ditugu. Lurralde proiektuak, agente publiko-ekonomiko-herritarren arteko mihiztadura espezifikoak dira. Bizitza sostengatzeko ezinbestekoak diren sektoreetan sortu dira batik bat: elikaduran, energian, zaintzetan, telekomunikazioetan, etab. Ñabardurak-ñabardura, herritarren ongizateari eusteko sortu diren egitasmo sozio-ekonomikoak dira zeinak demokrazia ekonomikoaren (edo burujabetzen) bideak arakatzen dituzten. Biltzen dituzten agente aniztasuna medio, hauen inguruan partaidetza zuzena ahalbidetzen duten gobernu ekosistemak ehuntzeko joera dute. Gure hipotesia da proiektu mota hau estrategikoa izango dela ditugun erronka eko-sozialen aurrean erantzunak emateko: eskala lokaletik eta termino demokratikoetan. Honegatik, egitasmo honekin hauek azterketa parte-hartzaile baten baitan aztertuko ditugu, proiektuak indartzeko gakoen bila eta hauek erreplikatzeko gakoen bila.
Nola lortuko dugu?
Gipuzkoako esperientzia arrakastatsuen lehen mapa bat osatuko dugu eta azaleko klasifikazio bat egingo dugu. Era berean lokala-ekonomia-demokrazia lotzen dituzten nazioarteko adibideak bilduko ditugu. Honekin azterketa markoa osatuko dugu eta egitasmoaren atal nagusira egingo dugu jauzi: 4 udalerritan azterketa parte-hartzaile bat abiatuko dugu. Honetan Lurralde Proiektuan ari diren agente herritar-publiko-ekonomikoak murgilduko dira. Elkarrizketak eta talde fokalak izango dira proiektua arakatu eta ondorioak ateratzeko metodoa. Lau udalerritan ikasitakoak sistematizatu egingo dira, formatu idatzian eta baita ikus-entzunezkoan ere. Honen helburua, lurralde proiektuak ezagutzera eman (hauen modeloa) eta errepikagarritasunari mesede egitea izango da. Honez gain, topaketak antolatuko dira.
Zer ekar diezaguke?
Hiru eremuren baitan bilatuko dira emaitzak. Lehena lurralde proiektuak indartzeko gakoei begira izango da, azterketak lurraldean itzulkin bat utzi beharko du. Bigarrena lurralde proiektu hauen modelizazioa izango da, zeinak balio beharko duen, beste udalerri batek eremu sozio-ekonomiko baten egitasmo baten planteamendua egingo badu, berau orientatzeko. Amaitzeko, eskala lokaletik eta artikulazio publiko-herritar-ekonomikoez aurrean dugun krisi ekosozialaren aurrean kokatzeko proposamenak egitea espero da.
2022
- Hiritik At Koop. Elk. Txikia